PAMP molekulak (azalean, mukosetan eta jariakinetan dago, izerdiaren antzera) zulatze- eta huste-mekanismo bat erabiltzen du bakterio-parasitoak suntsitzeko. Ondorio horretara iritsi da Zientzia Ikerketen Kontseilu Goreneko (CSIC) Cajal Institutuko Alfredo Martínezek zuzendutako ikertzaile-talde bat.
Aurkikuntza horren egileek —“Endocrinology” aldizkarian argitaratu da— adierazi dutenez, gaixotasun infekziosoak tratatzeko zaurietan zuzenean aplikatzen diren antibiotikoen belaunaldi berri bat eman lezake.
Alfredo Martínezen taldeak “Escherichia coli” bakterioa, hesteetako parasitoa, erabili zuen ikerketak egiteko. Aditu horiek ikusi zuten PAMP molekula bakterioaren kanpo-mintzaren ondoan zegoela eta zulatu egiten zuela, edukiz hustuz eta, beraz, suntsituz.
Martínezek uste du bakterioak suntsitzeko propietatea eboluzioaren une berantiarren batean hartu zuela molekulak, gizakietan eta primateetan baino ez baita agertzen.
“Azterketa makroeboluzioaren adibidea da, ikusi baita nola sortzen diren funtzio berriak”, adierazi du Espainiako zientzialariak. “Emaitzak oso originalak dira, ez baitago kasu askotan substantzia batek funtzio berri bat hartzen duenik eta, aldi berean, aurrekoa zaintzen duenik”, erantsi du.