“CARLA” proiektuaren bigarren fasea jarri da martxan. Transplante sareko profesional guztien arteko komunikazio-sistema berria da, eta Transplanteen Erakunde Nazionalak (ONT) duela urtebete jarri zuen martxan. Osasun eta Gizarte Politika eta Berdintasun Ministerioak nabarmendu zuenez, sistema hori informatika eta telefonia mugikorra konbinatzen dituen plataforma teknologiko batean oinarrituta dago, eta “segurtasun handia ematen du transplanteetako koordinatzaileei datuak transmititzeko”.
“CARLA”-ren bigarren fasea Osasun, Gizarte Politika eta Berdintasuneko ministro Leire Pajínek aurkeztu zuen. Ekitaldiaren bidez, aurreratu zuen Espainian % 8,2 handitu direla organoen dohaintzak 2011ko lehen zortzi hilabeteetan, 2010eko aldi bereko zifrekin alderatuta; urte horretan, hamarkada batean, lehen jaitsiera izan zuen datu horrek. Datuak behin-behinekoak dira oraindik.
“CARLA” ONTren eta Vodafone Fundazioaren proiektu bateratua da, eta Osasun Sailak eta Vodafone Fundazioak iazko martxoan sinatutako esparru-hitzarmenean sartzen da. Pajínek proiektu horren garrantzia nabarmendu zuen, haren garapenak “ONTren modernizazio teknologikoaren prozesua amaitzen baitu”. “Sistema horren aplikazioek segurtasun handia ematen dute datuak komunikatzerakoan, eta laguntza handia dira profesionalentzat”, esan zuen ministroak.
ONTren datuen arabera, emaile bakoitzak, batez beste, 28,6 dei sortzen ditu, nahiz eta kasu batzuetan 60 dei izatera irits daitekeen, dohaintza-motaren, organoen eta behar logistikoen arabera. ONTren egoitza nagusiko guardiako profesionalek, batez beste, 150 dei egiten dituzte egunean, kontuan hartuz gero Espainian, egunean, batez beste, bost emaile daudela.
Emaile bakoitzak, batez beste, 28,6 dei sortzen ditu, nahiz eta kasu batzuetan 60ra irits daitekeen.
Aldi bereko alerta-jakinarazpenak
“Oso epe laburrean egiten diren deiak dira, eta, askotan, bi edo hiru zentrotara egin behar izaten dira, organoak gal ez daitezen. Horrek erakusten du profesional horiek lan egiteko duten presioa eta eraginkortasun-maila handia. Horregatik da garrantzitsua eguneroko lanean laguntzeko tresna bat izatea”, azpimarratu zuen Pajínek. “CARLA” aplikazioekin, dei-fluxua nabarmen murriztu daiteke, sistemak aukera ematen baitu alerta-jakinarazpenak aldi berean hainbat koordinatzaile eta zentrotara bidaltzeko. “CARLA” erregistroak, batez beste, sei alerta-jakinarazpen ematen ditu emaile bakoitzeko. Jakinarazpen horiek beti egin behar diren deiei gehitzen zaizkie.
“CARLA” ONTren sistema zentralari buruzko informazioa biltzen duen plataforma teknologikoa da, eta dohaintza- eta transplante-prozesuan parte hartzen duten profesional guztien artean banatzen du. Sistemak transplanteetako koordinatzaileei ohartarazten die emaile berri bat dagoela eta organoak eskuragarri daudela. Informazio guztia modu seguruan bidaltzen da koordinatzailearen telefono mugikorrera. Posta elektronikoa jasotzeko aplikazio bat duen terminal bakarra behar da. Informazioa Blackberry batean, Androiden, Iap-en edo Ipad-en jaso daiteke. Blackberry sarearen, posta elektronikoaren edo sms-en bidezko komunikazioa ahalbidetzen du. Horrela, transplante-koordinatzaileek emailearen idatzizko datuak bidal eta jaso ditzakete telefono mugikor baten bidez, denbora errealean. Datu horiek programa informatiko batean erregistratzen dira.