
Giza immunoeskasiaren birusak (GIB) eragindako infekzioa azkar detektatzeko testak osasun-zentro batera joatea erabakitzen ez dutenentzako irtenbidea dira. Hogei minutuan, pertsona baten egoera serologikoa erakusten dute, hau da, kutsatuta dagoen ala ez. Gero, emaitza bigarren proba batekin berretsi behar da beti, nahiz eta gehienetan diagnostikoa bat datorren, Carmen Rodríguezek, Madrilgo Erkidegoko Sandoval Osasun Zentroko GIBaren eta Hepatitisaren laborategiaren arduradunak, dio.
Proba azkarren kopurua handitu egiten da biztanleek ezagutu ahala. Hori dela eta, ekitaldien berri ematen da, besteak beste, “GIBa GKEetan eta beste zentro batzuetan hautemateari buruzko azken sinposioa”, Fundación Lucha contra el Sida fundazioak antolatuta. Carmen Rodríguezek gogorarazi du, ONUSIDA erakundearen 2009ko azken txostenaren arabera, 2004an 2,5 milioi proba azkar egin zirela mundu osoan; 2008an, berriz, 40 milioi inguru.
Gero eta gehiago erabiltzen dira. Estatus serologikoa ezagutzeak bide ematen du “kate epidemiologikoa mozteko eta, pertsona seropositiboen kasuan, infekzioa onartzeko, tratatzeko eta beste pertsona batzuk infektatzea saihesteko”. Proba laburrak eta funtsezkoak dira; izan ere, bigarren azterketa behar izan arren, “test azkar positiboen %99 berresten dira”. “Oso ona da iragarpen-balio positiboa”, dio Rodríguezek.