Zelula amen bidezko terapia izan daiteke Crohn-en eritasunak kaltetutakoentzako irtenbidea, ohiko tratamenduei erantzuten ez badiete eta kirurgiarako egokiak ez badira. Bartzelonako Ospitale Klinikoa izan da patologia hori duten pertsonak teknika aitzindari horrekin tratatzeko programa bat abian jarri duen lehena Espainian.
Crohn-en gaixotasuna oinarri genetikoko gaitz kroniko bat da, eta, haren bidez, norbanakoaren sistema immunologikoak bere hesteari eraso egiten dio, hantura eraginez. 18 urtetik 40 urtera bitarteko gazteei eragiten die, eta Espainian urtean 2.000 kasu berri diagnostikatzen dira. Askotan, diagnostikoa zaila izaten da, digestio-hodiko beste gaixotasun batzuen antzeko sintomak izaten baititu: sabeleko mina, beherakoa, gorakoak, goragalea, sukarra, ondoeza, etab.
Gaixoen bizi-kalitatea gaixotasunaren eragin-mailaren araberakoa da, eta kasurik larrienetan, bizimodu normala egitea eragozten du, oso sufrimendu-maila handiarekin, hesteetako sintomen zorroztasuna eta maiztasuna dela eta.
Terapia berriarekin, Estatu Batuetan eta Italian arrakastaz aplikatuta, kasuen %80an gaixotasunaren igorpen osoa lortzen da. Prozedura honetan hezur-muin autologoa transplantatzen da; hau da, kaltetuek beren hezur-muinetik datozen zelula amak jasotzen dituzte. p.
Zortzi asteko ingresua
Espainian, urtean 2.000 Crohn kasu berri diagnostikatzen dira.
Orain arte, klinikariak hiru paziente tratatu ditu teknika honekin —horietako batek nabarmen hobetu du bizi-kalitatea—, eta beste lau prozesuan daude. Ospitaleko Gastroenterologia Zerbitzuko Elena Ricart doktoreak azaldu zuenez, tratamendua jasotzen duten pertsonek, zortzi aste inguru ingresatu behar dituztenez, kimioterapia-saio bat jasotzen dute lehen fasean, botika estimulatzaile batekin konbinatuta, linfozitoak gutxitzeko eta hezur-muineko zelula amak odolera pasatzen laguntzeko.
Ondoren, pazienteari aferesi bat egiten zaio, eta prozesu horren bidez hezur-muinetik migratu duten zelula amak aukeratzen dira. Horiek izoztu egiten dira transplantea egin arte. Gaixoak, bien bitartean, beste kimioterapia-saio bat jasotzen du, immunosupresoreekin batera, bere immunitate-sistema “berrabiarazteko”, eta, prestatu ondoren, zelula amak transfusio bidez transplantatzen zaizkio.
Estatu Batuetan, Crohn-en eritasun larria duten 12 pazienterekin probatu da; horietatik 11k oso emaitza onak izan dituzte; Italian, terapia lau pertsonatan aplikatu da, eta horietako hiruk ere bilakaera bikaina izan dute transplantearen ondoren. Klinikoaren arabera, gero eta pertsona gehiagok izango dute “orain arte ia tratatu ezin den gaixotasun bat konpontzeko aukera”.