Abuztuaren 30ean jarri zen indarrean 1039/2011 Errege Dekretua, Osasun Sistema Nazionaleko osasun-prestazioetarako gehienezko itxaronaldi berriak ezartzen dituena. Estatuko Aldizkari Ofizialean (BOE) argitaratu den bezala, 180 egun naturaleko epea egongo da, pazientea dagokion itxaron-zerrendako erregistroan sartzen denetik hasita. Hala ere, muga hori zenbait espezialitatetan bakarrik bete beharko da, hala nola balbula-kirurgian, bihotz-kirurgia koronarioan, kataratetan, aldakako protesietan eta belauneko protesietan.
Arau berriak dio sartzeko gehienezko denboraren bermea autonomia-erkidego bakoitzeko Osasun Zerbitzuak gaixoa denbora-tarte jakin batean eta kalitate baldintza egokietan artatzeko hartutako konpromisoa dela. Osasun Ministerioak araua onartu ondoren zehaztu zuen bezala, itxaronaldi maximo hori itxarote-zerrendan sartzea eragin zuten ebakuntzei bakarrik aplikatuko zaie, eta ez gerora sortutako beste patologia batzuei.
Erregulazio berrian sartutako esku-hartzeak mugatu dituen irizpideetako bat arreta eragin duten patologien larritasuna izan da. Patologia horien bilakaerak heriotza-arriskua, ezgaitasuna edo bizi-kalitatea nabarmen gutxitzea eragiten du. Beste irizpide bat esku-hartzearen eraginkortasuna eta egokitasuna izan da, hau da, ebakuntza goiz egiteak gaixotasunaren aurrerapena edo ondorio garrantzitsuak sortzea saihestea.
Errege Dekretuak bere aplikazio eremutik kanpo gelditzen diren esku-hartzeak ere aipatzen ditu. Horien artean daude organo- eta ehun-transplanteak, emaileen eskuragarritasunaren eta lagundutako ugalketa-tekniken mende daudenak. Halaber, ez dira sartzen hondamendiak, larrialdiko osasun-arreta eta erretako osasun-arreta, ez eta kide-berrezarpenak ere.