Phillipe Busquin Europako Ikerketa- eta Zientzia-komisarioak mundu mailako klonazioa debekatzearen alde egin zuen atzo, Estatu Batuetan eta Europan klonatutako bi haur jaio zirela jakinarazi ondoren.
Hala, Busquin-ek berretsi egiten du Frantzia eta Alemaniaren arteko ekimena erabat babesten duela, giza ugalketaren klonazioa debekatuko duen mundu-konbentzioa ezartzeko. Horri gehitu behar zaio EBko Oinarrizko Eskubideen Gutuna 3. artikuluan agertzen dela. Ugalketa-helburuetarako giza enbrioiak klonatzeko ikerketa, beraz, finantziaziotik kanpo dago, Europako ikerketa-programen esparruan.
“Giza ugalketarako klonazioa gaitzetsi egin behar da, ez bakarrik kausa etiko eta balio erkide nabarmenetan oinarrituta, baizik eta baita ere, praktika guztiz arduragabea delako zientziaren ikuspegitik: animaliekin izandako esperientziak erakusten digu kolonazioari lotutako ziurgabetasun eta arrisku handiak daudela”, adierazi zuen.
Japoniak ere iragarri du beste herrialde batzuekin lankidetzan aritu nahi duela giza klonazioaren aurkako mundu-itun bat idazteko, Gizakiaren Eskubideei eta Biomedikuntzari buruzko Europako Kontseiluaren Konbentzioaren protokolo gehigarriak gizakien klonazioari dagokionez debekatzen duen bezala.
EBko seigarren ikerketa-programak dioenaren arabera, Batzordeak ez du finantzatuko gizakiaren ugalketa-klonazioa, herentziazko aldaketak eragiteko giza ondare genetikoa etengabe aldatzea eta ikerketarako edo zelula amen iturri gisa soilik giza enbrioiak sortzea helburu duen ikerketa-jarduerarik.