Saint Andrewseko Unibertsitateko (Eskozia) zientzialari-talde batek argia emititzeko metalezko adabaki txiki bat garatu du, larruazaleko minbizi arinenen tratamendua errazteko.
Asmamen horrek poltsikoko bateria erraz batekin funtzionatzen du, eta, horri esker, pazienteak etxean edo anbulatorioetan tratatu ahal izango dira, ospitalean orduak eman beharrean.
Asmakizuna gaur egungo tratamendua terapia fotodinamikoaren bidez egokitzean datza. Pazienteak argi-igorpen kontrolatuak jasotzen ditu, bere gorputzeko atalak minbiziaren kontrako krema fotosentikor batekin igurtzi ondoren. Arazoa da gaur egun terapia hori argi-foku handiekin egiten dela, eta, ondorioz, gaixoa hainbat orduz egon behar izaten da ganbera berezi batean, tratamendua jasotzen duen bitartean.
Adabaki berriak eginkizun bera du, baina txikiagoa, arinagoa eta erosoagoa da eramateko. “Azken teknologia lehendik dagoen tratamendu bati aplikatuz, argi-iturri trinko bat garatu ahal izan da larruazaleko minbizi arruntenak tratatzeko”, adierazi zuen Ifor Samuelek, adabakiaren ardura duen zientzialarietako batek. Asmakuntzak bere argi-iturria du, bi kontaktu elektrikoren artean kokatutako material organikoko geruza fin batez osatutako diodoa. Tentsioa txikia duen korronte batek zeharkatzen duenean igortzen da argia.
Pazienteak adabaki itsaskor baten antzera eraman dezake, bateria MP3 erreproduzitzailea balitz bezala garraiatzen den bitartean.
Terapia fotodinamikoarekin egiten diren tratamenduak minbizi larrienetarako baino ez dira eraginkorrak, serioenak erradioterapia, kirurgia edo kimioterapiarekin baino ezin baitira tratatu.
Saint Andrewseko Unibertsitatearen hurrengo urratsa adabaki berriak merkaturatzeko finantziazioa bilatzea izango da, zahartzearen edo aknearen aurka ere erabil baitaitezke.