Tecnalia teknologia-korporazioko ikertzaileek, Interreg Medisen proiektuaren bidez, pertsonen arnasan tumore-markatzaileak detektatzeko gai diren biosentsoreak garatzen dituzte. Biosentsore horiei esker, gaixotasunaren lehen faseetan biriketan dauden gaixotasun jakin batzuen diagnostikoa egingo da, batez ere, “eta horrek bizirauteko aukerak nabarmen handitu ditzake”, dio Tecnaliak.
Korporazio teknologikoak azaltzen du pertsona bat organismoan gaixorik dagoenean gertatzen diren aldaketak haien arnasan islatzen direla, eta horrek aukera emango duela gaixotasunaren lehen estadioetan markatzaile-mota horien presentzia zehazteko.
Giza hatsa, pertsona osasuntsu batena zein beste gaixo batena, konposatu organiko ugarik osatzen dute: azetona, metanola, butanola, hidrokarburoak eta abar. Horien artean ez dago biriketako minbizia dagoen ala ez markatzeko balio duen osagai bakarra; beraz, konposatu batzuk hautatu behar dira. Intereseko konposatuak pertsona osasuntsuen arnasan bilioi bakoitzeko 1-10 zati bitarteko kontzentrazioetan daude; hala ere, kontzentrazio hori gaixo dauden pazienteen arnasan 10-100 aldiz handitu daiteke. Beraz, kontzentrazio-aldaketa horien aurrean sentikorrak diren material berriak garatu behar dira.
Proiektu honen lehen fasean, Donostia Ospitaleko Onko-Hematologia Institutuko Onkologia Medikoaren Atalean (IDOH) tratatutako biriketako minbizia duten gaixoek hartu dute parte. Horretarako, Euskadiko Ikerketa Klinikoetarako Etika Batzordearen (IKBE) baimena izan da, eta Biodonostia Institutuak izapidetu zuen.
Ikertzaileek Donostia Ospitaleko pazienteen arnasa hartu zuten berariazko gailu baten bidez. Ondoren, pazienteen arnas laginean dauden konposatu adierazgarrienen azterketa zehatza egin zuten, ondoren biriketako minbizia duten ala ez markatzeko balio dezaketen beharrezko konposatuen familia edo familiak hautatzeko. Hatsaren laginak gasen kromatografiaren bidez aztertzen dira, masa-espektrometria bidezko detekzio batekin konbinatuta. Ondoren, analisi kimiometriko bati eta aldagai anitzeko analisi bati esker, sentsorea diseinatzeko benetan informazioa ematen duten konposatuak aukeratu ahal izan dira.
Aldi berean, Tecnaliak material berriak garatu ditu hautatutako konposatu organikoak detektatzeko, gailuen sentikortasuna handitzeko.