Ikerketa Zientifikoen Kontseilu Goreneko (CSIC) Parasitologia Molekularreko Laborategiko ikertzaile-talde batek leishmaniasiaren aurkako txertoa garatu du. Gaixotasun parasitario endemikoa da leishmaniasia, eta txakurrek gizakiei transmititzen diete. Bi urteko epean orokortu eta merkaturatu daiteke.
Hala adierazi zuen atzo Vicente Larraga ikerketa-talde horretako buruak, eta gogorarazi zuen gaixotasun horrek munduko hamabost milioi pertsonari eragiten diela (urtean bi milioi kasu berri), eta urtean 50.000 heriotza eragiten dituela.
“Txakurrekin bat egiten duen parasito bat sortzen du gaixotasunak, eta, horregatik, txertoaren bidez parasitoaren zikloa moztuko da, eta hori ez zaie gizakiei transmitituko txakurrak babesten diren bitartean”, azaldu zuen Larragak.
Aditu horren arabera, bi eratara agertzen da gaixotasuna gizakiengan: bata larruazalekoa, azalean zauriak eragiten dituena; eta bestea, erraietakoa, larriagoa, bareari eta hesteei eragiten dielako, eta, tratatu ezean, heriotza eragin dezakeelako. Era berean, azpimarratu zuen ikerketak duela sei urte hasi zirela animalia txikiekin, arratoiekin edo karraskariekin, eta, azkenean, txakurrekin proba egin zutela. Txakur horiekin frogatu zen txertoa ematean parasitotik babestuta geratzen zirela.
“Gure helburua animalian parasitoa errotik ateratzea zen, gizakietan gaixotasuna desagerrarazteko”, adierazi zuen, eta nabarmendu zuen “txakur-arraza guztien %60 baino gehiago babestu ahal izango dela”.