Europako Parlamentuak neurriak eskatu ditu antibiotikoen kontsumoa murrizteko, bai medikuntzan bai nekazaritzan, bakterioek botika horien aurrean duten erresistentziaren etengabeko igoerari aurre egiteko. Estrasburgon (Frantzia) hartutako ebazpen batean, zenbait gomendio egin zituzten eurodiputatuek. Gomendio horiek ez dira lotesleak, baina antimikrobianoen erabileran kontrol zorrotzagoak egitearen aldekoak dira.
Euroganberak darabiltzan datuek adierazten dute badirela mikrobio ultrarresistenteak, tratamendurako aukera gutxi dituztenak, eta Europar Batasunean (EB) urtean 25.000 pertsona ingururi eragiten dietenak. Hala ere, kopuru hori handitu egingo litzatekeela uste dute. Hori dela eta, antibiotikoak gaizki erabiltzearen aurkako neurriak eskatu zituzten eurodiputatuek, eta agintari nazionalei eskatu zieten herritarrei gai horri buruz ematen duten informazioa hobetzeko, europarren erdiek uste baitute antibiotikoek birusei eta hotzeriei aurre egiteko balio dutela. Halaber, Europako Batzordeari (EB) proposatu zioten arlo horretako ikerketa sustatzea.
Nekazaritza-sektoreari dagokionez, galarazita dago antibiotikoak erabiltzea animalien hazkuntza sustatzeko, eta antibiotiko horien erabilera profilaktikoaren amaierarantz pixkanaka aurreratzeko eskatu zuten eurodiputatuek. Gainera, albaitaritzako medikuntzan eta giza medikuntzan erabilitako printzipio aktiboak bereizteko eskatu zuten, antibiotikoekiko erresistentzia animaliengandik gizakiengana transmititzeko arriskua murrizteko.
John Dalli Kontsumitzailearen Osasun eta Babeserako komisarioak, joan den asteazkenean, Euroganberaren osoko bilkuraren aurrean aurreratu zuen bere zerbitzuek azaroan gai honi buruzko proposamen zehatzak aurkezteko lan egiten dutela.