Gantzetik lortutako zelula amek traumatismoek, erredurek edo infekzioek kaltetutako begiak konpondu eta hilotz-kornea transplantatzeko alternatiba eraginkorra izan daitezke, Alacanteko Institutu Oftalmologikoko adituen arabera.
Jorge Alilio irakaslearen taldeak, Madrilgo La Paz ospitalearekin lankidetzan, liposukzioetatik sobratutako koipea erabili zuen kornea, begiaren lente nagusia, konpondu ahal izateko zelula amak lortzeko. Isolatu eta garbitu ondoren, gantz-ehunetik eratorritako zelulak landu eta laborategian zabaldu ziren, behar den zelula-kontzentratua lortzeko.
Ondoren, ebakia egin zen laserrarekin, miopiako kirurgian estromara (kornearen geruzetako batera) iristeko egiten denaren antzekoa. Hor jarri ziren zelula amak, inguruko ezaugarri espezifikoak hartu eta kornea konpondu ahal izateko. Untxiekin egindako esperimentuak erakutsi zuen transplantatutako giza zelulak kornea-zelula (keratozitoak) bihurtzen zirela. Gainera, ez zen bat ere errefusatu. Ehun berriak gardentasun funtzionala zuen, ikusmena berreskuratzeko ezinbesteko ezaugarria.
Esperimentu horren emaitzak “Stem Cells” zientzia-aldizkarian argitaratu dira, eta kornearen gaitzei aurre egiteko tratamendu berriak egiteko aukera ematen dute. Baina garrantzitsuena da prozedura berriak dohaintza-ezaren arazoa eta organismoak errefusatzeko duen arriskua ezabatzen dituela. Gainera, gorpuaren kornea transplantatzeko, immunosupresoreak diren botikak hartu behar dira sistema immunearen errefusa saihesteko.
Protesiak
Aurkikuntza hori gizakiengan aplikatzeko, beste formula batzuen bila dabiltza oftalmologoak, gantz-zelulak laborategian kornea-zelula bihurtzeko. “Hala, laser bidezko erasoa saihestuko litzateke, eta hobeto kontrolatuko litzateke zelulak bereizteko prozesua”, azaldu zuen Silvia Pastorrek, zelula-kulturen laborategiko arduradunak.
Zelula berriak material biobateragarri batean jarriko lirateke, pazientearen zeluletatik abiatuta egindako protesia lortzeko. Protesi horiek erabilgarriak izango lirateke kornearen transplante klasikoek huts egiten dutenean. Terapia horrek azaleko ultzerak eta keratokonoa (kornea deformatzen duen nahastea) tratatzeko ere balioko luke.