
Haurren obesitatea gero eta osasun-arazo larriagoa da. Prebenitzea funtsezkoa da 6 eta 8 urte bitartean, adin-tarte horretan organismoaren gantz-zelulak ugaritu egiten baitira, eta, gero, ez baitira ezabatzen. Helena Sánchez buru duen Bizi Kalitaterako eta Osasuna Sustatzeko Elkarteak “Come Bien y Vive Mejor” programa sustatu du, adin txikiko ikasleei eta haien gurasoei zuzendua, elikadura osasuntsuaren eta ohitura osasungarrien printzipioak irakasteko.
Eguberrietan gehiegikeriarik gerta ez dadin, gozokiak jatea oso egun berezietara mugatu behar da. Bai helduek bai haurrek dieta osasungarria eta askotarikoa egin behar dute, izan ere, “organismoak 40 mantenugai behar ditu, elikagai guztietan ez daudenak eta beren eginkizunak betetzeko beharrezkoak direnak”, ohartarazi du Helena Sánchezek.
Komilona baten ondoren, akatsa da afaria saltatzea konpentsatzeko; izan ere, organismoak funtsezko zenbait substantzia birjarri behar ditu, eta, hala, “kontrako efektua lor daiteke, hots, picoteatzen hastea”. Afari arina eta jateko erraza egin behar da, barazkiekin. Bigarren platerek koipe gutxi izan behar dute, hala nola haragi gihartsuak, hegaztizkoak, azalik gabeak, eta kaloria-ekarpen txikiko sukaldaritza-teknikarekin prestatutako arrainak -labean, plantxan edo lurrunean-.
Elikagai arinenek digestio ona errazten dute, eta arrautzaztatuek, irineztatuek eta frijituek, berriz, kaloria gehiago dituzte eta digestio astunagoak. Bazkalondoa gutxienez 20 minutukoa izatea komeni da eta, ondoren, nahi izanez gero, 25 minututik beherako siesta. Ez da gomendagarria jarduera fisikoa egitea bazkaldu eta berehala, batez ere handia izan bada, bihotz-erritmoa eta arteria-presioa handitu baitaitezke. Komeni da 30 minutu inguru ibiltzea, astean hiru aldiz gutxienez.