Keeleko Unibertsitateko (Erresuma Batua) ikertzaile-talde batek garatutako tresna batek etorkizuneko botikariak trebatzen lagunduko du. “Paziente birtuala” da, eta ordenagailu batek sortutako karaktereekin elkarrekintzan aritzeko aukera emango die ikasleei, pazienteekiko komunikazio eraginkorrean eta erabakiak hartzean esperientzia izan dezaten, Informazio eta Albiste Zientifikoen Zerbitzuak (SINC) jakinarazi zuenez.
Ikasleak “pazientearekin” komunikatzen dira ahotsa ezagutzeko teknologia baten bidez edo interfaze informatiko batean galderak sartuz. Bestalde, “pazienteak” hitzez edo hitzik gabeko zenbait keinuren bidez erantzuten du, mina, estresa edo antsietatea bezalako emozioak adierazteko. Saioaren amaieran, “paziente birtualak” ikaslearen jarduera ebaluatzen du.
Teknologia berria hainbat arazo ikertzeko erabil daiteke, hala nola dispepsia eta hipertentsioa. Gainera, etnia, adina edo sexua pazientearen tratamendurako garrantzitsuak direnean, kasu bat diseina daiteke ikasleari faktore horien garrantzi klinikoa erakusteko. “Metodo honek komunikazio-prozesuan argiago adierazten laguntzen du, pazienteak esaten ari zarena ulertzeko moduan hitz egitera behartzen zaitu eta”, azaldu zuen Rajiv Pandyak, Farmaziako hirugarren urteko ikasleak.
“Teknologia hori erabiltzeak erraztu egiten dio ikasleari ingurune seguru batean gertatzen diren akatsetatik ikastea, eta hori ezinezkoa litzateke bizitza errealean”, adierazi zuen Stephen Chapmanek, Keeleko Unibertsitateko Farmazia Fakultateko zuzendariak. “Garuneko ikaskuntza modu jakin batean programatzea ezinezkoa da soilik testuliburuekin”, gehitu zuen.