Paradores de Turismo de España enpresa publikoak bere establezimenduetarako erosten dituen produktu guztiak, elikagaiak izan ala ez, Osasun eta Kontsumo Ministerioaren mendeko Kontsumoko Institutu Nazionaleko (INC) Kalitatearen Ikerketa eta Kontrolerako Zentroak aztertuko ditu. Helburua kalitate eta segurtasun arauak betetzen dituztela bermatzea da.
Hala ageri da Ángeles Heras Kontsumoko eta Herritarrari Laguntzeko zuzendari nagusiak eta Antoni Costa i Costa Espainiako Turismo Paradoreetako kontseilari-delegatuak aste honetan sinatutako lankidetza-hitzarmenean.
Hitzarmenaren testuaren arabera, turismo-paradoreek beren kalitate-sistema ezarriko dute konpainiaren arlo guztietan, eta, hala, kalitatezko produktu turistikoa eskainiko dute, Espainiako ostalaritzaren irudia izan dadin nazioartean eta Estatuko turismo-politikaren tresna. Helburu hori lortzeko, enpresa publikoak beharrezkotzat jotzen du hornitzaileek emandako hornidurak aztertu eta kontrolatzeko prozesu bat ezartzea, eta horretarako CICC erakundea izatea erabaki du.
Guztira, urtean 150 lagin inguru analizatuko dira. Elikaduraren alorrean, behi-, txerri- eta arkume-haragia; haragikiak, ehiza xehea eta ehiza larria; arraina eta itsaskia; eta urdaiazpiko iberikoa (Guijuelo, Teruel, Huelva eta Extremadurakoa), kafe-barietateak, oliba-olioa, esnekiak, fruitu lehorrak eta landare-kontserbak. Elikadurakoak ez diren produktuen artean, felpa, jangelako lentzeria eta gelak daude; zelulosak, garbiketako produktuak, eta koltxoneria, burkoak eta ostalaritzako berezkoak diren beste batzuk. Produktuen zerrenda hori zabal liteke, sinatutako hitzarmenaren arabera sortuko den jarraipen batzordeak hala erabakitzen badu.
2007an, Espainiako Turismo Kalitatearen Institutuak (ICTE) ematen duen kalitatearen Q-a eta UNE EN ISO 9001/2000 nazioarteko arauaren araberako ziurtagiria establezimendu guztietan lortu zuen lehen hotel-katea izan zen.