Ipar Irlandako Belfasteko Queen’s Universityko ikertzaile-talde batek meningitisa diagnostikatzeko metodo berri bat garatu du. Sortzaileek diote ordubetean bakarrik identifikatzen duela gaixotasuna, eta horrek bizkortu egingo luke garaiz atzematea. Hori funtsezkoa da meningitisaren tratamenduan, azkar eta larri ibiltzen delako.
Mike Shieldsek, azterlanaren zuzendariak, azaldu zuen diagnostikoaren zailtasuna dela lehenengo sintomak beste edozein infekzio biral arinen berdinak izatea. Horregatik, meningokokoaren presentziaren susmorik txikiena dela eta, medikuek tratamendu antibiotikoen alde egiten dute analisien emaitzen zain dauden bitartean (24-48 ordu). Metodo diagnostiko berriarekin alferrikako tratamenduak eta diagnostiko berantiarrak saihestuko liratekeela dio.
Belfasten garatutako test berria inprimagailu txiki baten antzekoa da, eta meningitisa odol edo listu lagin bakar baten bidez detekta dezake. Shields-ek adierazi du gaur egungo ebaluazio-metodoekiko desberdintasun nagusiak azkartasuna eta kostu txikia direla. Zehaztu duenez, bi teknikak geneen bilaketa molekularrean oinarritzen diren arren, test berria pazientearen gela berean egin daiteke laginak laborategira bidali beharrik gabe, eta horrek diagnostiko-denbora moteldu eta prozesua garestitu egiten du.
Ekainean, testa egin duen mediku-taldeak “Elevations Diagnostics idea of the year award” saria jaso zuen. Sari hori HSC erakundeak ematen du, industria- eta osasun-sektoreko adituek osatutako erakundea. Gaur egun, diagnostiko-metodo berria Belfasteko Royal Victoria Haur Ospitalean probatu dute.