2010ean, 382.047 heriotza izan ziren Espainian, 2009an baino 2.886 gutxiago (-%1,1). Guztira, 183.926 emakume (-%1) eta 198.121 gizon (-%0,5) hil ziren. Heriotza-eragile nagusiak zirkulazio-sistemako gaixotasunak, tumoreak eta arnas sistemako gaixotasunak izan ziren. Estatistikako Institutu Nazionalak (EIN) argitaratutako heriotzen behin-behineko datuek nabarmentzen dute, gainera, nerbio-sistemako gaixotasunak %2,9 hazi zirela eta laugarren heriotza-kausa izan zirela.
Heriotza-tasa gordina 829,2koa izan zen 100.000 biztanleko 2010ean, eta aurreko urtean baino %1,1 txikiagoa. Sexuaren arabera, emakumezkoen tasa 786,8 izan zen 100.000 emakumeko; gizonezkoena, berriz, 872,9 izan zen 100.000 gizoneko.
Gaixotasun-talde handien ondoriozko heriotzen hiru arrazoi nagusiak zirkulazio-sistemako patologiak (100 heriotzatik 31,2 eragiten dituzte), tumoreak (100etik 28,1) eta arnas sistemako gaixotasunak (100etik 10,5) izan ziren. Lehenengo biek azken urteotako joerari eutsi zioten: tumoreek gora egin zuten (hildakoen %2 gehiago) eta zirkulazio-gaixotasunek behera (-%0,8). 2010ean ere gutxitu egin ziren arnas gaixotasunek eragindako heriotzak (-% 7).
2010ean, nerbio-sistemako gaixotasun-taldearen ondoriozko heriotzen gorakada nabarmendu zen (19.309 hildako, eta horietatik 11.344 Alzheimer gaixotasunagatik hil ziren). Hazkunde horrek aurreko hamarkadan iraun zuen, eta “2010ean laugarren heriotza-kausa gisa kokatu du, 2000. urtean zortzigarrena baitzen” adierazi du INEk.
Adinari dagokionez, 79 urtetik gorakoen heriotza-arrazoi nagusia zirkulazio-sistemako gaixotasunak izan ziren (talde horretako hildakoen %37,3). Bost eta 14 urte bitarteko eta 40 eta 79 urte bitarteko adin-taldeetan, heriotza-eragile nagusiak tumoreak izan ziren (guztizkoaren %35,7 eta %42,7, hurrenez hurren). Urte batetik lau urtera bitarteko eta 15 urtetik 39 urtera bitarteko pertsonen artean, heriotza-arrazoi nagusia kanpo-kausen taldea izan zen (%25,5 eta %38,5, hurrenez hurren).
2010ean, 100.000 biztanleko hildakoen tasarik handienak Asturiasko Printzerrian (1.203,7), Galizian (1.087,1) eta Gaztela eta Leonen (1.086,1) izan ziren. Heriotza-tasa txikienak, berriz, Kanarietan (611,8), Madrilgo Erkidegoan (642,1) eta Melillako hiri autonomoan (551,3) izan ziren.
Autonomia-erkidego guztietan heriotza-eragile nagusiak zirkulazio-sistemako gaixotasunak izan ziren, Euskal Autonomia Erkidegoan, Kanarietan, Madrilgo Erkidegoan eta Katalunian izan ezik, horiek tumoreak izan baitziren.