Duela urte gutxi arte, zahartzea interes sexuala gutxitzearekin identifikatzen zen, baina medikuek gaur egun ziurtatzen dute bi egoerek ez dutela zertan lotuta egon. Gizonek eta emakumeek sexuaren praktika baldintzatzen duten aldaketa fisiologikoak jasaten dituzte, baina desiraren galera faktore psikologiko, estereotipo, beldur edo sineste faltsu batzuen ondorio da. Arazo fisikoez gain, hirugarren adinekoen artean oso ohikoak diren botika batzuk erabiltzeak ere sexu-harremanak zaildu ditzake. Aldaketa horiek guztiak gaur egungo medikuntzak eskaintzen dituen tratamendu eraginkorrei esker konpontzen dira, baina sexuaz erabat gozatzeko, batez ere pentsamolde-aldaketa bat behar da, eta adinari dagozkion aldaketak onartu.