Pablo de Olavide Unibertsitateak patentatutako metodo berri bati esker, errazagoa izango da liburutegi metagenomikoetan biltegiratutako geneen funtzioa aztertzea. Sistema hori Ikerketa Zientifikoen Goi Zentroak (CSIC) lagundu du garatzen, eta baliagarria izan liteke mikroorganismoak hobeto ezagutzeko, ikerketa terapeutikoa egiteko edo ingurumena aztertzeko ere.
Metodo hori “El metagenoma de la Península Ibérica” proiektuaren esparruan sortu da, Consolider Ingenio 2010 programak finantzatua, eta Espainia osoko ikertzaileek parte hartzen dute. Autoreak Eduardo Santero Pablo de Olavide Unibertsitateko ikertzailea buru duen zientzialari-taldea dira.
Ingurune jakin batean dauden bakterioen DNA gordetzen duten liburutegi metagenomikoek aurrerapen handia dakarte mikroorganismoen genomaren ezagutzan. Santerok garatutako tresnak mikrobioen azterketa erraztuko du, landu beharrik gabe, batzuetan oso konplexua baita. Hala ere, sistema horrek mugak ditu; izan ere, biltegiratutako gene horietako asko ezin dira adierazi, hau da, ez dira inoiz iristen beren funtzioa betetzera, eta, beraz, isilik eta detektatu gabe egoten dira, ez baitaude jatorrizko organismoan.
Arazo hori konpontzeko, Santerok sistema bat garatu du, bere kabuz adierazi ezin diren geneek beren lana egin dezaten. Horrela, kodetzen dituzten funtzioak zein diren atzemateko aukerak maximizatzen dira. “Gure metodologiari esker, errazagoa izango da funtzio berriak dituzten proteina berriak aurkitzea, baita bakarrak ere, eta, horri esker, produktu berriak garatu ahal izango dira medikuntzan, nekazaritzan edo industrian erabilgarriak diren jarduerekin”, zehaztu du ikertzaileak.