Bihotzekoak eta iktusak gehien babesten duten oliba-olioaren elementua Portoko (Portugal) Unibertsitateko Zientzia Fakultateko ikertzaileek identifikatu dute, eta haien aurkikuntza “Molekular Nutrition and Food Research” aldizkarian argitaratu dute.
Oliba-olioaren antioxidatzaile nagusiak aztertu zituen lanak, eta erakutsi du horietako batek, DHPEA-EDA izenekoak, globulu gorriak erasoetatik babesten dituela, “urre likidoa” deritzonaren beste ezein elementuk baino gehiago.
Erradikal askeak sortzen dituen osagai kimiko baten ondorioz oxidazio-estresa duten globulu gorrietan lau osagai polifenolikalek duten eragina konparatu zuten ikertzaileek. DHPEA-EDA izan zen antioxidatzailerik eraginkorrena, eta globulu gorriak babestu zituen, baita kontzentrazio maila baxuetan ere.
Fátima Paiva-Martins ikerketaren zuzendariak azaldu zuenez, “aurkikuntza horiek oinarri zientifikoa ematen dute beren dietan oliba-olioa hartzen duten pertsonek osasunerako dituzten onurei buruz”. Lan horrek erakusten du osagai hori dela oliba-olio birjinari lotutako osasunerako onuren iturri nagusia, beste olio batzuekin alderatuta DHPEA-EDA maila handiagoa baitu. Zehazki, DHPEA-EDA olio horren antioxidatzaile guztien ia erdia izan daiteke.
Paiva-Martins-ek adierazi zuenez, azterketa horren ondorioek bihotz-eritasunaren arriskua murrizteko diseinatutako oliba-olioak ekoiztea eragin dezakete. “Osagai horien garrantzia identifikatu ondoren, ekoizleak beren olioen polifenolen konposizioa gehiago zaintzen has daitezke”, ondorioztatu zuen ikertzaileak.