Joan den ostiralean, ehun metro karratu baino gehiagoko taberna eta jatetxeak espazio guztiz isolatuak prestatzera behartzen dituen araudia indarrean sartu zen, bezeroei erretzen utzi nahi badiete. Elena Salgado Osasun ministroak legea betetzen ez duten ostalaritza-establezimenduen aurkako salaketak aurkeztera animatu zituen herritarrak atzo.
“Kerik gabeko guneak betetzea eskatzen duten herritarren zain nago”, adierazi zuen Salgadok, eta gogorarazi zuen “herritarrek salaketekin legea betetzea eska dezaketela” eta administrazio autonomikoek “horiek ikertzeko betebeharra” dutela.
Salgadok uste du herritarrek salaketak aurkezten badituzte ikuskapenak “aktiboagoak” izango direla. “Herritarrak legea finkatzera animatzen ditut” esan zuen Osasuneko titularrak.
Ostalaritzako ugazaben kalkuluen arabera, %40 dira oraindik legeriara egokitu ez diren taberna eta jatetxeak eta, beraz, legez kanpoko egoeran daudenak, erretzen uzten jarraitzen badute. Salgadok zifra gogoratu besterik ez zuen egin, baina Ministerioak Tabakoaren Legea aldatuko ez duela azpimarratu zuen.