Gaur egun, gero eta produktu osasungarriagoak eta ezaugarri sentsorial berariazkoak dituztenak eskatzen ditu kontsumitzaileak. Hori dela eta, elikagai-industria etengabe berritu behar izan da, merkatuaren eskakizunak betetzeko, Valentzian egoitza duen Ainia Zentro Teknologikoak azaltzen duenez.
Horrela, industria osagai berriak garatzen ari da, elaborazio-prozesuak etengabe hobetuz eta prozesatze-teknologia berriak ezarriz. Diseinu- eta garapen-prozesu hori modu eraginkorrean gauzatzeko, beharrezkoa da elikagai-egiturak eta horiek eratzeko eta ezegonkortzeko mekanismoak xehetasunez ezagutzea.
Elikagaiaren osagaien antolamendua eta haien egitura-portaera aztertzen dira, eta, horri esker, produktuaren egituraren eta haren ezaugarri fisiko-kimiko eta sentsorialen arteko erlazioa zein den jakin daiteke. Zentro horrek, orain arte, esnekietan, haragikietan eta arrantzan oinarritutako emultsioekin egindako ikerketak garatu ditu.
Ainiak gogorarazi du gaur egun hainbat ekipamendu eta teknika daudela eskuragarri mikrografiak atzemateko eta irudiak aztertzeko, bai eta elikadura-sistemen mikroegitura aztertzeko erabil daitezkeen beste parametro batzuk zehazteko ere. Teknika horiek elikagaien industrian aplikatzea da azken helburua, produktu berriak egiteko eta garatzeko prozesuak hobetzeko.