NBEko Batzar Nagusiko 191 herrialdeek Patataren Nazioarteko Urtea izendatu dute 2008a. Hala, Nazio Batuek onartzen dute Andeetako altiplanotik datorren tuberkulu horrek eginkizun garrantzitsua duela pobrezia desagerrarazteko.
Patata duela 8.000 urte hasi zen lantzen eta kontsumitzen, eta konkistatzaileek sartu zuten Europan XVI. mendean. Hala ere, denbora behar izan zuen munduko populazioaren dietan sartzeko, produktu toxiko gisa ikusten baitzuten. Bi mende geroago, planetako labore nagusietako bat bihurtu zen, batez ere C bitamina eta kaltzio ugari duelako.
Gaur egun, nahiz eta produktua Peru, Txile, Ekuador eta Boliviakoa izan, ekoizpen-eremu nagusia ez dago Amerikako kontinentean, Asiako eta Europako herrialdeetan baizik. Munduko patata-ekoizpenaren ia %60 Txinan, Errusian, Polonian, AEBn, Indian eta Ukrainan kontzentratzen da; eta, neurri txikiagoan, Alemanian, Herbehereetan eta Erresuma Batuan, Nekazaritza eta Elikadurarako NBEren Funtsaren (FAO) datuen arabera.
Adituek diotenez, tuberkulu horren kontsumoa bikoiztu egingo da hurrengo bi hamarkadetan garapen-bidean dauden herrialdeetan, eta munduko elikadura-arazoak konpontzeko balioko du. Horrela, gariaren, artoaren eta arrozaren garrantzia bera hartuko du, orain arte planeta osoko elikagaien oinarrizko hiru produktutzat hartzen baitira.