Intermón Oxfamek antolatutako “ACTÚA” Film Laburren Nazioarteko hirugarren Jaialdia aurkeztu zen atzo Madrileko Arte Ederren Estudioan. Oraingo gai nagusia kontsumo arduratsua da. Film laburrak aurkezteko epea zabalik dago. Lehiaketaren oinarriak jaialdiaren webgunean daude.
“ACTÚA”-ren helburua da zinemaren bidez, dokumentalaren nahiz fikzioaren bidez, herrien garapena mugatzen duten eta beren komunitateei eragiten dieten arazoak transmititzea, eta urtero gai bat proposatzen du, beti ere Intermón Oxfamen lan-arloekin zerikusia duena.
Hirugarren edizio honetan, kontsumo arduratsuarekin zerikusia duen gairen bat lantzen duten ekoizpen guztiak lehiatu ahal izango dira. Intermonek produktu batzuek ezkutatzen dituzten bidegabekeriak erakustea proposatzen du: uraren erabilera txarrak lehortea larriagotzen du, turismoak eragin kaltegarria izan dezake, eta energia xahutzeak klima-aldaketa bizkortzen du.
Jaialdia ekainaren 12tik 14ra izango da, Madrilgo Círculo de Bellas Artes-en, eta bertan banatuko dira sariak. Edizio honetan, Expo Zaragoza 2008rekin elkarlanean sortutako Uraren Saria sartzen da. Saria likido preziatuaren arazoa hobekien tratatzen duen film laburrari emango zaio hiri horretan.
Film laburrak aldi berean proiektatuko dira 15 hiritan (Madril, Bartzelona, Bilbo, A Coruña, Oviedo, Gijón, León, Vigo, Santiago, Valentzia, Murtzia, Sevilla, Zaragoza, Girona eta Vilanova eta Geltrú).
Internet bidez, film laburrik onenaren aldeko botoa eman ahal izango da, jaialdia egin arte. Bozketak bertaratuek hiri bakoitzean Publikoaren Saria erabakitzeko egingo diren proiekzioetan egiten dituztenekin batuko dira.