Al Qaedak Lisboa-Dakar rallyko parte-hartzaileei egindako mehatxuen ondorioz, auto-proba ospetsua bertan behera geratu da, eta, gainera, urtero Afrikako herrialdeei laguntzen zien lehiaketa horrekin lotutako karabana solidarioa airean utzi dute.
Dakar Solidarioa Fundazioa Bartzelonan sortu zen duela lau urte, eta harrezkero rallyan parte hartzen zuten taldeei laguntzen zien. Edizio honetan sei kontsultategi mauritanori, bi senegali eta beste marokoar bati lagundu nahi zien.
Javier Mir doktoreak, Fundazioko lehendakariak, azaldu duenez, “Mauritaria da proba zeharkatzen zuen herrialde pobreena, eta ekitaldi horren antolamenduak ematen zituen diru-sarrerak Barne Produktu Gordinaren (BPG) %30 ziren”. “Lehiaketa desagertzen bada —ohartarazi du—, hondamendia izango da, zalantzarik gabe, turismoa ez delako itzuliko”.
Lur orotako eta motoziklismoko zale asko Mauritaniako paisaia lehorretatik dabiltza. Frantziako touroperadoreek emandako bultzadari esker, gorantz doan jarduera turistikoa da. Baina nazionalitate horretako lau turista tiroz hil eta rallya bertan behera utzi ondoren, negozio hori arriskuan dago.
Eskura ematea
Azken lau urteetan, Fundazioa rallyaren bidetik hurbil zeuden erakundeekin harremanetan jarri zen, haien behar nagusiak ezagutzeko eta, hartara, tresneria eta botikak bidaltzeko.
GKEko kideak probaren karabana ofizialean sartzeak babesa ematen zien, eta hornidurak beren helmugara iritsiko zirela ziurtatzen zuen. Erakunde onuradunetako arduradunei eskura ematen zitzaien.
Une honetan, Amaury Sport sustatzailearekin hitz egiten ari da Fundazioa, hark antolatzen baitu rallya, agindutako laguntza helarazteko. Azkenean proba Hego Amerikara joaten bada, ongintzako erakundea desagertu egin daiteke.