Wangari Maathai ekologista kenyarrak, Ingurumenerako eta Baliabide Naturaletarako bere herrialdeko estatu-idazkariak, Bakearen Nobel saria jaso du, “garapen jasangarriari, demokraziari eta bakeari egindako ekarpenagatik”, Norvegiako Nobel Batzordeak jakinarazi duenez. Maathai da, beraz, sari hori lortzen duen Afrikako lehen emakumea.
Nyerin jaio zen 1940an, eta Maathai izan zen Ekialdeko eta Erdialdeko Afrikan doktoretza lortu zuen lehen emakumea, zehazki Biologian. Nazioartean onarpen handia du demokraziaren, giza eskubideen eta ingurumenaren alde egiten duelako. Hori dela eta, NBEra jo du behin baino gehiagotan, eta, emakumeen eskubideen izenean, Nazio Batuen Batzar Nagusiaren bost urteko Lurraren Gailurrean esku hartu du.
Maathabi Gerriko Berdearen mugimenduaren sortzailea da, ingurumena babesteko programa arrakastatsuenetako bat, eta horri esker 20 milioi zuhaitz landatu ziren Kenyan, batez ere emakumeek. “Erantzukizun berezia dugu planeta honetako ekosistemari dagokionez; beste espezie batzuk babestuz, gure biziraupena bermatzen dugu” esan zuen Maathaik bere garaian, Gerriko Berdearen helburuei dagokienez.