Azken belaunaldiko telefono mugikorrek eta agenda elektroniko berriek, erabiltzaileari deiak egiteaz gain posta elektronikoa txekeatzea, Interneten nabigatzea edo musika eta bideoak deskargatzea ahalbidetzen diotenek, etorkizunean ordenagailu pertsonala ordeztu dezakete.
Hala adierazi zuen Kanadako Research in Motion (RIM) enpresako marketin-zuzendariak, James Hartek, “Blackberry Pearl” aurkeztu berri baitu. Laster merkaturatuko da gailu hori, eta posta elektronikorako sarbidea, memoria zabaltzeko aukera eta 1,3 megapixeleko kamera ditu.
“Blackberry” teknologiak agenda elektronikoaren eta telefono mugikorraren zerbitzuak konbinatzen ditu 1999az geroztik, eta enpresa handietako langileek erabili izan dute tradizionalki.
Orain, RIMeko lehendakariorde Charmaine Eggberryren arabera, bezero “askoz zabalagoetara” iristea eta zerbitzu horiek jende guztiari helaraztea da helburua. Gailu horiek ordenagailu pertsonalaren berezko funtzioak bete ditzakete, eta Powerpoint-eko aurkezpenak edo kalkulu-orrien aplikazioetako lanak egiteko programak dituzte, hala nola Excel, ordenagailu tradizionalarekin lehiatuz.
Microsoft-ek Espainian duen Mugikortasun Ataleko zuzendari David Fernándezentzat, teknologia mugikorreko aparatuek ez dute ordenagailu pertsonala ordezkatuko etorkizunean, baizik eta “bizitza digital berriaren” osagarri gisa jardungo dute.