Bai Amazonek, Internet bidezko produktuen salmentaren buru denak, bai Googlek, bilatzaile ezagunak, liburu elektronikoaren sektore berriaren alde egiten dute, New York Timesen argitaratutako informazioen arabera. Lehenengoak irakurgailu eramangarri bat proposatzen du, eta bigarrenak, berriz, liburuen deskarga ordaintzeko zerbitzua. Ez Googlek ez Amazonek ez zituzten atzo baieztatu informazio horiek.
Online dendak urrian Kindle izeneko irakurgailu elektroniko beltz eta zuri bat jarriko du martxan. Pantaila laua da, liburu baten formatukoa, eta 400-500 dolarreko kostua izango du, enpresatik hurbil dauden iturrien arabera. 2004an Sony japoniarrak jaurtitako irakurgailu eramangarriarekin lehiatuko da gailua, eta Internetera haririk gabe konektatu eta liburuak eta egunkariak deskarga daitezke Amazonen gunetik.
Googlek, duela zenbait hilabetetik hona, ehunka mila liburu eskaneatzen ditu munduko liburutegi elektroniko bat sortzeko, eta ordainpeko zerbitzu bat eskaintzen du zenbait liburu osorik deskargatzeko, diru-sarrerak lanen editoreekin partekatuz.