Europako Batzordeak gaur egun Andaluziako Osasun Sistemak (SAS) darabilen telemedikuntza-programari “e-osasuna” saria eman dio, informazioaren teknologiak osasunari aplikatzeko adibide egokia dela uste baitu.
Andaluziako proiektua bideokonferentzia bidezko kontsultetan oinarritzen da eta gaur egun Andaluziako 41 osasun zentrotan dago kokatuta (Jaen, Almeria eta Malaga probintzietan). Sistema horri esker, paziente batek doktore bat kontsulta dezake ospitalera joan gabe.
Gerard Druesne epaimahaiko buruak esan zuenez, Andaluziako Juntak parte hartzen zuen beste hiru proiektutara ere zabaltzen da saria. Zehazki, “Diraya” programari esker, denbora errealean sartu ahal izango da paziente baten historia medikora Andaluziako edozein zentrotatik; “Mundo de Estrellas”, ospitaleratutako haurrentzako pentsatutako ordenagailu-programa, eta SAS sistema informatikoaren laguntza tekniko iraunkorreko zentrora.
Sariaren berri izan ondoren, Francisco Vallejo Andaluziako Juntako Osasun sailburuak esan zuen Erkidegoko Gobernuak “estrategia bera saritu duela, osasun-sistemari aplikatutako garapen teknologikoaren buruan eta abangoardian jarri gaituen ahalegina”.
Bestalde, Vallejok aurreratu zuen Batzordeak “e-osasun” arloko beste proiektu batzuk garatzeko asmoa duela erkidegoan; esaterako, “Errezeta 21” programa, tratamendu luzea duten pazienteei botikak farmazietan zuzenean errezeta bidez eskuratzeko aukera emango diena, medikuaren kontsultatik pasatu beharrik gabe.