Ordenagailu pertsonalei birusen aurkako babesik eskaintzen ez dieten Europako herrialdeen zerrenda Espainiak zuzentzen du, Mc Afee-k egindako ikerketa baten arabera. Azterketaren helburu nagusia izan zen ordenagailuan oinarrizko segurtasun-softwarea duten kontsumitzaileen kopuruaren zenbatespen orokorra lortzea. Hilean, batez beste, 27 eta 28 milioi PC bitarteko datu eskaneatuak aztertzen dira. Datu horiek 24 herrialdetako erabiltzaileenak dira, eta borondatez eman dira azterketa horretarako.
Lortutako emaitzetako bat da sei ordenagailutik batek ez duela inolako babesik eta, zehazki, “eskaneatutako PCen %17k ez duela antibirusik instalaturik, edo segurtasun-softwarea instalatu baina desaktibatu egin dela”. Segurtasun-softwarea zutenen kasua ere gertatu zen, baina softwarea desgaitu edo iraungi egin zen.
Azterketak erakusten duenez, Finlandia da oinarrizko segurtasun-babesa duen PCaren portzentaje handiena duen herrialdea (erabiltzaile babestuen %90,3), eta %9,7 bakarrik daude babesik gabe. Babesik gabeko erabiltzaileen %21,75ekin Singapur agertzen da, oinarrizko segurtasun-babesa duten ordenagailuen indize baxuena duen herrialdea. Europan, hain zuzen ere, babesik ezeko rankingaren buru Espainia da, %21,37 baitu.
Steve Petraccak, McAfee-ko kontsumo eta mugikortasuneko lehendakariorde eta zuzendari nagusiak, esan zuen ordenagailuak kutsatzeko arriskuak, neurri batean, arrazoi honengatik direla: “Interneten nabigatzeko askatasunak are arrisku-maila handiagoa dakar, konturatu gabe azalduko baikara, eta ziberkriminalek egoera hori aprobetxatzen dute biktimei eraso egiteko”. “Mehatxu-kopuruak gora egiten du egunero, eta oso kritikoa da oraindik PCen %17 babesik gabe egotea”, salatu zuen.