Erkidegoko Gobernuak lehen pausoa eman du atzerrian txartelarekin, Internet bidez eta telefono mugikorrarekin ordaintzea zailtzen duten oztopoak kentzeko. Helburua merkataritza elektronikoa erraztea da, eta Europar Batasunean (EB) integratutako merkatu bat sortzea, enpresei eta kontsumitzaileei mesede egin eta hazkundea suspertzeko.
“EBn eraginkorrak ez diren ordainketa-sistemek transakzio-kostuak handitzen dituzte, Europako ekonomiaren lehiakortasuna ahultzen dute eta hazteko ahalmena mugatzen dute”, salatu zuen Joaquín Almunia Europako Batzordeko lehendakariordeak komunikatu batean. “Europako kontsumitzaileek, merkatariek eta enpresek XXI. mendearen ildotik merezi dituzte ordainketa-zerbitzuak, gardenak, benetako balio erantsia dutenak eta gure teknologien erabilera onena egiten dutenak”, adierazi zuen Almuniak.
Bruselak kontsulta publikoa egin zuen apirilaren 11ra arte, interesa zuten alderdi guztiek merkatua zatitzen duten oztopoak nola gainditu azaltzeko iritziak helaraz diezazkioten. Horien artean daude, besteak beste, ordainketa-zerbitzu horien hornitzaile berrien merkatuan sartzeko zailtasunak, datuen segurtasuna eta babesa, prezioen gaineko gardentasunik eza, estandar teknikoen falta eta elkarreragingarritasun-zailtasunak. Europako Batzordeak uda baino lehen jakinaraziko ditu hurrengo urratsak.
Gainera, 16 ekintza zehatzetako ekintza-plana aurkeztuko du. Horren helburua da hemendik 2015era merkataritza elektronikoko kuota (gaur egun, txikizkako salmenten %3,4) bikoiztea eta Interneteko ekonomiak Europako Barne Produktu Gordinean (BPG) duen pisua bikoiztea, gaur egun %3tik beherakoa baita. Bruselak uste du merkataritza eta zerbitzu elektronikoak estatu kide batzuetan (Frantzia, Alemania, Erresuma Batua edo Suedia) hazkundearen eta enplegu-sorreraren %20 baino gehiago izan daitezkeela hemendik 2015era bitartean.
Barne Merkatuko komisarioak, Michel Barnierrek, EBn merkataritza elektronikoa garatzeko oztopoen artean, produktuak beste estatu kide batzuetara helarazteko kostu handiegiak, Interneteko legez kanpoko produktu eta edukiak eta ordainketa-arazoak nabarmendu zituen. Arazo horiek konpontzeko ekimenak aurkeztuko ditu Bruselak datozen hilabeteetan. EBk uste du barne-merkatuan merkataritza elektronikorako oztopoak ezabatzeak 204.000 milioi eurorainoko onurak ekar diezazkiekeela kontsumitzaileei, EBko BPGaren %1,7.