Diputatuen Kongresuak Espainiako Informazio Geografikoko Azpiegitura eta Zerbitzuei buruzko Legea onartu du. Horren arabera, administrazio publikoen informazio kartografikoa herritarren eskura egongo da Internet bidez.
José Blanco Sustapen ministroak, Kongresuan parte hartu zuenean, arau berria izapidetu den “denbora errekorra” nabarmendu zuen, eta horrek erakusten du “Gobernuak autonomia erkidegoekin eta kartografia ofizialaren gainerako arduradunekin lortu duen aldez aurreko adostasun-maila”. Blancok adierazi zuen, halaber, lege horrek teknologia berrien aprobetxamendua bultzatzen duela informazio geografikoko zerbitzuetan, eta, hartara, haien kalitate teknikoa indartzen dela.
Lege berriak arlo horretako araudia eguneratu nahi du, Europar Batasunaren eskakizun berrietara egokitu Inspirazio Zuzentarauaren transposizioarekin, eta informazio geografikoa herritarrentzat eskuragarriago bihurtu, zerbitzu publiko gisa erabilgarria baita. Ezinbestekoa izan daiteke negozioetatik aisialdira bitarteko jardueretarako.
Informazio geografikoko azpiegiturek aukera ematen dute administrazio publikoek lurraldeari buruz emandako informazioa eskuratzeko, informazio horren guztiaren “elkarreragingarritasuna” bermatzen duten eredu normalizatu batzuen arabera. Horrela, informazio geografiko bat edozein erabiltzailek eskura dezake Internet bidez.
Espainian, administrazioek dagoeneko koordinatzen eta bateratzen zituzten beren datu geografikoak azpiegitura irisgarri eta elkarreragingarrien bidez. Horietako bakoitzak biltzen dituen datuak formatu normalizatuetan daude eta gaurkotasun, fidagarritasun eta eraginkortasun handienarekin. Jarduera-eredu hori finkatzeko eta hori bermatzeko, Kongresuan onartu den testuak Sistema Kartografiko Nazionala eratu du, lege-mailakoa, “administrazioen arteko lankidetzan eta haren barruan sortutako informazio geografiko digitala aske zabaltzeko politikan oinarritua”.
Sustapen Ministerioak, Geografia Institutu Nazionalaren Zuzendaritza Nagusiaren bidez, Espainiako Informazio Geografikoaren Azpiegituraren Atariaren (www.idee.es) koordinatzaile eta operadore gisa jardungo du. Institutu honek doan jarriko ditu Interneteko zerbitzuak, 1:25.000 eta 1:50.000 eskaletan, Mapa Topografiko Nazionala aurkitu, bistaratu eta lortzeko. Mapa hori Espainiako maparik onena eta osoena da, bere lurralde osorako zehaztasun handiz, eta, hala, azpiegitura berri bat sortuko da herritarren erabilera eta aprobetxamendurako.