Idazketa bezala, pertsona batek bere ordenagailuko sagua erabiltzeko duen modua aztertzea baliagarria izan daiteke, atzo Erresuma Batuan zabaldutako azterlan baten arabera, pertsona hori dela esaten duen jakiteko. “Edozein pertsona identifika daiteke sagua nola erabiltzen duen, eta, beraz, sarean nortasuna ordezkatzeagatik iruzur ugari saihestu ahal izango dira”, esan dute lan honen egileek.
Aditu horiek “software adimendun” batez baliatzen den sistema bat garatu dute, nork bere burua identifikatzean edo harekin beste edozein mugimendu egitean sagua erabiltzeko duen modua ezagutzen duena. Metodoa eraginkorra da kasuen %99tan, eta norbaiten nortasuna egiaztatzeko edo Interneteko kreditu-txartelak segurtasun berme handiagoz erabiltzeko balioko du.
“Pertsonak sagua erabiltzeko duen modua erregistratzen du sistemak”, azaldu zion BBC kateari Peter McOwan irakasleak, ikerketaren arduradun nagusiak. “Arkatz moduko bat da sagua. Nork bere izena idaztea edo beste edozein datu ematea sinadura gisa balio lezake”, esan zuen.
McOwanen arabera, tresna hori idazkera bezain bereizgarria da, eta sistema edozein ordenagailutan instalatzea oso erraza dela gehitu zuen, software hori baino ez baita behar eta sagu optiko eta mekanikoetan erabil baitaiteke.