Skypek osagarri berri bat erantsi dio bere zerbitzuari, erabiltzaileei edozein telefono-zenbakitara zuzenean web orri batetik deitzeko aukera ematen diena. Web orri batean telefono-zenbaki bat agertzen denean, deia egiteko agertzen diren Skypeko botoietan klik egin besterik ez da egin behar.
Mundu osoko milioika pertsona Internet bidez konektatzea lortzen du konpainia horrek. VoIP zerbitzua da erabiltzaileek gehien erabiltzen dutenetako bat, eta diru gutxiren truke munduko edozein tokitara deitzeko aukera ematen du. Skypek osagarri berri bat du orain, eta, ondorioz, ez da beharrezkoa telefono bat eskura izatea web orri batean dagoen zenbaki batera deitzeko.
Osagarri berri hori “zure arakatzailetik zuzenean Skyperekin deitzeko modurik azkarrena eta errazena da” dio konpainiak bere web orrian. Bai hurbileko hotel batera deitzeko, bai munduaren beste aldean dagoen enpresa batera deitzeko, osagarri horri esker, Interneten edozein bilaketa egiten denean, saguarekin klik bakarra eginda agertzen den telefono-zenbakira dei daiteke.
Osagarria instalatu ondoren, erabiltzaileek bi koloretako botoiak (urdina eta grisa) erabiliz ikusiko dituzte telefono-zenbakiak erabiltzen dituzten web gune eta arakatzaile gehienetan. Botoi urdinek zenbaki horretara doan deitzeko aukera ematen dute; kolore griseko deiak egiteko, berriz, Skype kreditua edo dei-plana izan behar da. Hala ere, Skypetik ziurtatu dute osagarri horrek ez duela ohiko telefonoa ordezkatzen eta, beraz, ezin dela larrialdi-deietan erabili.
Osagarri berri hori doan deskarga daiteke Skyperen webgunearen bidez. Internet Explorer, Firefox eta Google Chrome nabigatzaileekin funtzionatzen du; ordenagailuek, berriz, Windows 2000, XP, Vista edo Windows 7 izan ditzakete.