Lehen USB memoria merkatura iritsi zenean, adituek etorkizun handia iragarri zioten. Datuak biltzeko gailu txiki, trinko, erabilgarri eta sinplea zen, ez zen marratzen, ez zen hautsez betetzen eta, gainera, giltzaz edo zintzilikarioz erabil zitekeen. Azken bi urteetan, ordea, gailu txiki hori, liburuak, dokumentuak, audioa, bideoa eta programak gordetzeko gero eta ahalmen handiagoa duenez, munduko ordenagailu pertsonal arinena bihurtu da. Edo, batzuek deitzen dioten bezala, mundu digitaleko Suitzako labana.