Komunikazio Teknologien Institutu Nazionalak (Inteco) ohartarazi duenez, troiatarrak, pasahitzak lapurtu ditzaketen programa informatiko maltzurrak, “phishing”-aren teknika nagusitzen ari dira, hau da, banku-gakoak lortzeko mezu elektroniko faltsuen bidalketa masiboa.
Hala, 2007an, helburu ekonomikoak zituzten erasoen %70 phishing teknikaren bidez egin ziren, eta gainerako %30a troiatarren bidez etorri zen. Ehuneko hori 2008an doitu zen (%60 eta %40, hurrenez hurren), eta litekeena da azken lau urteetako erasorik gogorrenarekin, “Downadup” zizarearekin, hasi den eta “Conficker” ere baden urte honekin berdintzea edo aldatzea.
“Helburu ekonomikoak dituen ‘malwarea’ (programa informatiko maltzurrak) ugaritu egin da azken hilabeteetan; aldiz, ‘phishing’-aren erasoak gutxitzen ari dira, internautek asko ezagutzen baitute teknika hori, eta ez dira hainbeste erortzen”, esan zuen Intecoko e-konfidantzako zuzendariorde Marcos Gómezek. Ezagutza handiago horri gaur egungo egoera ekonomikoa gehitu behar zaio. Horren ondorioz, herritarrak “gehiago kezkatzen dira poltsikotik” eta “mesfidati” bihurtzen dira banku-datu edo pasahitzei dagokienez.
Posta elektronikoa troiatarrak sartzeko ate nagusietako bat izango da. Hala, programa maltzurren %45 posta elektronikoz baino ez da banatzen, aplikazio erabilgarria dirudien fitxategi erantsi gisa. Joera horrek hazten jarraituko du, BitDefensa segurtasun informatikoko konpainiaren arabera.
Mehatxu horien aurrean, Intecok gomendatzen du sistema eragilea behar diren programekin (suebakiarekin, antibirusarekin, posta-iragazkiekin) babestuta edukitzea; Interneten nabigatzeko kontu handia izatea, eta, edozein zalantza izanez gero, adituei galdetzea.