2010eko Opor eta Turismoari buruzko Barometroaren arabera, azken hilabetean erregistratutako 4.500 erreklamazioetatik %30 atzerapenekin, hegaldiak bertan behera uztearekin edo maletak galtzearekin lotuta daude. Legalitas-ek bildutako datuek erakusten dutenez, horrelako kontsultak %15 igo dira 2009ko epe berarekin alderatuta. Aireko kontrolatzaileen gatazka eragin duen ziurgabetasunari egozten zaio gertaera hori.
4.500 kontsultetatik beste %25 ostatuei dagozkie eta %23 bidaia konbinatuei. Azterlanaren arabera, turismorako erreklamazioen %7 ibilgailuen alokairuarekin lotuta daude, eta %15, berriz, intoxikazioekin, lapurretekin eta hain ohikoak ez diren bestelako gorabeherekin.
Txosten horretan, kontsulten jatorria ere aztertu da, kontsulta egin den unearen arabera. Txostenak dioenez, bidaiaren baldintzen aldaketak eta bezeroaren ezeztapenak dira oporrak hasi aurretik maizenik gertatzen direnak. Bidaia hasi ondoren edo bidaiaren ondoren, kontrataturiko baldintzak ez betetzeagatik izaten diren kexak izaten dira ohikoenak, batez ere, hotelen kategoria edo kalitateagatik gertatzen diren desadostasunei buruzkoak.