Hiru ordutik gorako atzerapenek kaltetutako bidaiariek eskubidea izango dute airelineengandik kalte-ordaina jasotzeko, Yves Bot Europar Batasuneko Justizia Auzitegiko abokatu nagusiak maiatzaren 15ean emandako irizpen baten arabera.
“Atzeratutako hegaldietako bidaiariek konpentsazio-eskubidea argudia dezakete, hegaldiari dagokionez, hiru orduko edo gehiagoko denbora-galera jasaten dutenean, hau da, aire-garraiolariak hasieran aurreikusitako iriste-ordua baino hiru ordu edo gehiago geroago helmugara iristen direnean”, adierazi du irizpenak.
Europar Batasuneko arauen arabera, hegaldi bat bertan behera utziz gero, bidaiariek 250-600 euroko konpentsazioa jaso dezakete. Aldiz, ez da berariaz aurreikusten hegaldi atzeratuek ukitutakoek ere eskubide hori izatea. Hala ere, 2009ko epai batean, EBko Justizia Auzitegiak uste zuen hegaldi atzeratuetako bidaiariak bertan behera utzitako hegaldietako bidaiariekin parekatu daitezkeela, konpentsazio-eskubideari dagokionez. Beraz, azken destinora hasierako ordua baino hiru ordu edo gehiago geroago iristen direnean, kalte-ordaina eska dezakete, atzerapena ez bada aparteko inguruabarrengatik gertatu.
Abokatu nagusiak jurisprudentzia hori berresteko eskatu dio EBIri. Horretarako, tratu-berdintasunaren printzipioa alegatzen du. Printzipio horren arabera, bidaiariek ezin dute tratu desberdina jaso, hegaldia bertan behera utzi badute edo atzeratu egin bada, antzeko kaltea jasaten badute, eta, ondorioz, denbora galtzen badute.
Abokatu nagusiaren iritziek ez dute lotzen EBko Justizia Auzitegia, nahiz eta hark bere gomendioei jarraitu ohi dien kasuen %80an. Epaileak eztabaidatzen hasten dira orain, eta epaia geroago emango da.