Munduko turistaren profilean gertatzen ari den aldaketa gehien nabaritzen duen herrialdeetako bat da Espainia. Industria, Turismo eta Merkataritza Ministerioaren azken datuen arabera (2007koak, abenduko daturik gabe), hiru turistatik bi “aske” iristen dira gure herrira, hau da, aurretik bidaia-pakete itxi bat kontratatu gabe. Turista horiek %67,6 dira dagoeneko, hau da, 37,8 milioi pertsona, duela urtebete baino %7,6 gehiago.
Joan-etorrietarako erabilitako garraiobideari ere eragiten diote aldaketek. Gero eta bisitari atzerritar gehiagok aukeratzen ditu kostu txikiko airelineak. Zehazki, hamarretik lauk aukeratu dituzte operadore horiek, hau da, %33,8ko hazkundea izan dute 2006ko datuekin alderatuta. Datu hori ez dator bat konpainia tradizionalen eskaeran izandako jaitsierarekin (%3,3 gutxiago).
Segmentu horren barruan, hiru konpainiak Espainiara iristen diren bidaiarien fluxuaren erdia baino gehiago kontzentratzen dute “low cost” modalitatean. Ryanair irlandarra (guztizkoaren %22,3), Easyjet ingelesa (%17,7) eta Air Berlin alemaniarra (%15,2) dira. Hala ere, Clickair espainiarrak (%2.008 gehiago) eta HapagLloyd britainiarrak (%522) igo dituzte turista gehien. Britainiarrak eta alemaniarrak dira mota horretako hegaldiak gehien kontratatzen dituztenak (bezeroen %61), nahiz eta frantsesek eta portugaldarrek gutxiago erabiltzen dituzten.
Ostatu-motari dagokionez, hotel-eskaria ia %5 hazi da, gainerako establezimenduetan (apartamentuak, kanpinak eta landa-turismoa) %2,3 jaitsi den bitartean. Guztira, turistetatik ia bi herenek pasatu zuten gaua hotel batean Espainiara egindako bidaietan (%64,2).