Denbora partekatuko apartamentuen sustatzaileak behartuta daude, legez, higiezin horiek txandaka (“multijabetza”) aprobetxatzeko interesa duten pertsona guztien eskura informazio agiri bat jartzera. Bertan, honako hauek aipatu beharko dira:
1.- Sustatzailearen eta txandakako aprobetxamendu-eskubideak eskualdatzen edo merkaturatzen profesionalki parte hartzen duen edozein pertsona fisiko edo juridikoren nortasuna eta helbidea.
2.- Eskualdatuko diren eskubideen izaera erreala edo pertsonala eta iraungitze-data.
3.- Obra eraikitzen ari bada, amaitzeko azken eguna adierazi beharko da.
4.- Erregimena eratu den higiezinaren eta haren egoeraren deskribapen zehatza, eta obra amaituta dagoen edo eraikitzen ari den.
5.- Eskuratzaileak erabil ditzakeen zerbitzu komunak eta horiek erabiltzeko baldintzak.
6.- Erabilera komuneko instalazioak. Titularrak instalazio horietara sartzeko aukera izango du, eta, hala badagokio, sartzeko baldintzak, zenbatekoa edo hura zehazteko oinarriak berariaz adierazita.
7.- Administrazioaren ardura izango duen zerbitzu-enpresaren izena eta Merkataritza Erregistroan izena emateko datuak.
8.- Txandakako aprobetxamendu eskubideen batez besteko prezioa eta altuena dutenen prezioa. Halaber, instalazio eta zerbitzu komunak erabiltzeagatik ordaindu beharreko urteko lehen kuotaren zenbatekoa, edo haren zenbatespena, eta hurrengo urtekoak kalkulatzeko prozedura.
9.- Txandaka aprobetxa daitezkeen ostatuen kopuruari eta ostatu bakoitzeko txanda-kopuruari buruzko informazioa.
10.- Eskuratzaileak atzera egiteko eta alde bakarreko ebazpena emateko dituen eskubideei buruzko informazioa. Bertan, 42/98 Legearen arabera, eskubide hori erabiltzeko izango duen denbora adieraziko da, ez baitu bere gain inolako gasturik izango eskubide hori gauzatzeagatik, eta, erabiltzen bada, zein pertsona eta helbideri jakinaraziko zaion adieraziko da. Obra egiten ari bada, obra amaitzeko bermea edo asegurua adierazi beharko da.
11.- Truke-sistema batean parte hartzeko aukerarik dagoen ala ez, eta, baiezkoa bada, zerbitzuaren ardura hartuko duen hirugarrenaren sozietatearen izena. Horrez gain, truke-programan afiliatutako bazkide guztien kopurua, programa horretan parte hartzen duten araubideen kopurua eta sistemaren funtzionamenduari buruzko aipamen orokorra ere adieraziko dira dokumentuan.
Sustatzailearen betebeharra da, halaber, bezeroari jakinaraztea nola eskatu duen bere eskubideei buruzko informazio orokorra eta doakoa, eta eskubideak kontratatu diren higiezinetik gertuen dauden zerbitzuen helbidea eta telefonoa adieraztea: turismo-bulegoak, Kontsumoko Institutu Nazionala, dagokion autonomia-erkidegoko erakunde eskudunak, kontsumoko udal-bulegoak, jabetza-erregistratzaileak eta notarioak.