Nielsen Online enpresak egindako azterlan baten arabera, sare sozialen erabiltzaileen laurdenak telefono mugikorren bidez sartzen dira sare horietara. Datu horrek agerian uzten du horrelako on line sareen etengabeko hazkundea, telefonia eramangarriaren mundura iritsi baita dagoeneko. Horren adibide dira urteko lehen hiruhilekoan Facebook-era bitarteko horrekin konektatu ziren 442.000 pertsonak. Gustavo Nuñez Espainiako konpainia horretako zuzendari nagusiak esan zuen sare sozialak ezin zirela beste komunikazio-bide batzuetatik kanpo egon, aberastasun nagusia “milioika pertsona edozein ordutan eta edozein lekutatik konektatzeko gai izatea” baita. Txosteneko datuen arabera, sare sozialen erabiltzaileen jarduera ohikoenak mezuak irakurtzea eta bidaltzea dira, %50 inguruko zifrekin. Inkestatutakoen %44k adierazi du mugikorra erabiltzen duela sareko argazkiak ikusteko, eta %31k, berriz, argazki berriak kargatzeko. Hala ere, zeregin batzuk ordenagailuen bidez egiteko gordetzen dira oraindik. Estaldura faltagatik bat-batean deskonektatzeko beldurra dela eta, bideoak kargatu edo blogak argitaratzen dira etxetik. Halaber, iPhone-aren erabiltzaileak talde aktiboenetako bat direla erakutsi du ikerketak. Komunikazio azkar eta erraza bilatzeak erakarri egin zituen 333.000 erabiltzaile, eta analisiak erakutsi zuen horietatik %71 24 eta 35 urte bitarteko gizonak zirela.